Plazaberri - Euskaltzaindia

Euskaltzaindia. Real academia de la lengua vasca. Académie de la langue basque. Academy of the basque language

Jose Antonio Arana Martija omendua izan da Gernikan

Martxoaren 13an, Gernika-Lumoko Udalak eta herriko hainbat kultura elkartek -Andra Mari Koralak, Kultura Etxeak, Gernika-Lumoko euskaltegiak, Segundo Olaeta Musika Eskolak, Julia Foruria Musika Eskolak, Gernikazarrak, Aldaba aldizkariak eta Marijesiek- omenaldia eskaini zioten Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituari. Omenaldi horren bitartez, esker ona adierazi nahi izan zioten "herriaren alde egindako lanagatik eta, batik bat, Jose Antoniok duen balio intelektualagatik". Omenaldian Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak eta Denis Azkaratek, kultura taldeen izenean, oroigarri bana eman zioten Jose Antonio Arana Martijari. Gainera, berak sortu zuen Andra Mari Koralak, aurten 30 urte bete dituena, kontzertu berezia eskaini zuen.  2010/03/16 - 06:29:02

Andres Urrutia eta Esther Urrutia: "Nafarroako lege-testuak: lexiko juridiko elebidunaren hustuketa"

Martxoaren 4an, Nafarroako Gobernuko Euskarabideak eta Euskaltzaindiak antolaturik, "Euskarazko terminologia juridiko-administratiboa" izeneko jardunaldia egin zen Iruñean, Euskarabidearen egoitzan. Jardunaldi horretan hauek mintzatu ziren: Andres Urrutia eta Esther Urrutia, Mikel Taberna, Ander Irizar, Araceli Diez de Lezana, Gotzon Egia eta Inma Errea. Hona hemen Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Esther Urrutia Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak eman zuten hitzaldia: "Nafarroako lege-testuak: lexiko juridiko elebidunaren hustuketa". Andres Urrutia eta Esther Urrutia: "Nafarroako lege-testuak: lexiko juridiko elebidunaren hustuketa" 3,72 Mb  2010/03/13 - 06:41:04

"Erlea" aldizkariaren bigarren zenbakiaren aurkezpena

Martxoaren 17an, asteazkenean, Erlea kultura aldizkariaren bigarren zenbakia aurkeztuko da Bilbon. Aurkezpen bikoitza egingo da: - goizeko 11:30ean, Euskaltzaindiaren egoitzan, prentsaurrekoa egingo da eta - iluntzeko 19:30ean, Bilboko Kafe Antzokian, jendaurreko aurkezpena. Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du -Akademiaren egitasmoetako bat da-, eta Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz. Goizeko prentsaurrekoan Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bernardo Atxaga euskaltzain eta zuzendariak egingo dute aurkezpena. Iluntzeko ekitaldian, aldiz, hitzaldi bat egongo da, baita errezital laburrak, bideo-emanaldi bat eta kantak ere, Irlanda eta Euskal Herriaren inguruan. Izan ere, Erlea -ren bigarren zenbaki honetako gai nagusia Irlanda da. Hori dela eta, aurkezpena martxoaren 17an izango da, Saint Patrick egunean alegia, Irlandako festa nazionala. Bigarren zenbakiaren aurkibidea 17,08 Kb  2010/03/12 - 06:46:03

Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, bertsolaritzaz

Martxoaren 4an burutu zen Bilbo Zaharra Forumek antolatutako herri literaturari buruzko jardunaldien hirugarren saioa. Jardunaldi horiek Euskaltzaindiaren aretoan egiten ari dira, "Herri Literatura (koplak, bertso-paperak, bat-batekoak eta baladak)" izenburupean. Hirugarren saio horretan, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolaritzari buruz aritu ziren, "Bat-batekoak" deitutako saioan. "Herri Literatura (koplak, bertso-paperak, bat-batekoak eta baladak)" jardunaldiak otsailaren 11n hasi ziren, X abier Amurizaren eta Jon Aurreren eskutik. Bigarren saioa otsailaren 18an egin zen, Gontzal Mendibil eta Iñaki Irazurekin . Hurrengo eta azken saioa martxoaren 11n izango da, iluntzeko 19:00etan. Bertan Niko Etxartek eta Xabier Kaltzakortak hartuko dute parte.  2010/03/11 - 06:51:03

"BBK-Euskaltzaindia Literatura ataria" aurkeztu da

2009ko R.M. Azkue Sarien berri eman den ekitaldi berean, " BBK-Euskaltzaindia Literatura Ataria " aurkeztu du Akademiak. Atari honetan literatura arloan Bilbao Bizkaia Kutxa eta Euskaltzaindiak elkarrekin egin duten lan oparoaren berri ematen da, eta gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke. BBKk eta Euskaltzaindiak 1958an ekin zioten elkarlanari eta horren fruitu dira kaleratu diren ehun argitalpen baino gehiago. Gaur zabaldu den atari honetan lan horiek zerrendatu, deskribatu eta zenbait kasutan, bertsio digitalean ere eskaintzen dira. Ataria Euskaltzaindiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak batzordearen ekimena da eta Akademiaren Informatika, Salmenta eta Katalogazio Zerbitzuen elkarlanaren emaitza. Aurkezpena Jon Artza Argitalpen Salmenta zerbitzuko arduradunak egin du.  2010/03/10 - 06:56:02

Azkue Literatura Sariak banatu dituzte Euskaltzaindiak eta BBKk

Gaur, martxoaren 9an, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Akademiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak banatu dira. Sariak Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman dituzte. Hauek dira 2009ko saridunak: A mailan, narrazioan : lehen saria: Zoritxarreko sekretua , Mikela Atxoarena; bigarren saria: Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu , Maialen Akizu; hirugarren saria: Koaderno txikia , June Ugalde. A mailan olerkian : lehen saria: Nire herria , Maialen Akizu; bigarren saria: Gau beltza , Mikela Atxoarena; hirugarren saria: Maitasun izpiak , Lorea Solana. B mailan, narrazioan : lehen saria: Korapilo bako soka , Nerea Eizagirre; bigarren saria: Euria , Amaia Iturriotz; hirugarren saria: Zure ispiluaren ximurrak , Nerea Eizagirre. B mailan, olerkian : lehen saria: Flora , Leire Arenas; bigarren saria: Txorien jauzi ttikiz , Leire Arenas; hirugarren saria: Musika , Nerea Ibarzabal.  2010/03/10 - 06:56:02

Beñat Oihartzabali gorazarre

Martxoaren 5ean, Baionako IKER ikerketa-gunearen egoitzan, Beñat Oihartzabal euskaltzain osoa omendua izan zen, "euskalaritzan eginiko lanagatik". Omenaldian, Ricardo Etxeparek, Joseba Lakarrak eta Ricardo Gomezek argitaratu duten Beñat Oihartzabali gorazarre - Festschrift for Bernard Oyharçabal omenaldi-liburua eman zioten. Liburu hori Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" (ASJU) aldizkariaren zenbaki berezi gisa atera da. Bertan hirurogeita hamahiru egilek parte hartu dute, berrogeita hamazazpi artikulu idatziz, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. Egileen artean hainbat euskaltzain oso eta urgazle daude.  2010/03/09 - 07:01:02

Ohorezko euskaltzainei diploma ematea. Argazkiak eta hitzak (II)

Otsailaren 26an, Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen ekitaldian , Akademiak izendatu berri dituen ohorezko euskaltzainek diplomak jaso zituzten. Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Akademiak, urtarrilaren 29an eginiko osoko batzarrean: Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana María Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete. Hona hemen diplomak banatu ziren ekitaldian Gorka Aulestiak, Martzel Etchehandyk, Ana María Etxaidek eta Jose Angel Irigaraik esan zituzten hitzak. Pakita Arregik, Joxe Azurmendik, Luis Baraiazarrak eta Erramun Baxokek esandakoak hemen irakur daitezke.  2010/03/06 - 07:13:03

"Euskarazko terminologia juridiko-administratiboa" jardunaldia burutu da Iruñean

Gaur, martxoaren 4an, Nafarroako Gobernuko Euskarabideak eta Euskaltzaindiak antolaturik, "Euskarazko terminologia juridiko-administratiboa" izeneko jardunaldia egin da Iruñean, Euskarabidearen egoitzan. Paskual Rekalde Euskarabidearen Euskararen Gaineko Aholkularitzarako atalburua ondoan zutela, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Azanza Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak zabaldu dute jardunaldia, hauxe bi erakundeen arteko elkarlanaren ondorioa dela azpimarratu dutelarik. Goiz osoan zehar burutu den jardunaldi honetan hauek izan dira hizlari: Andres Urrutia eta Esther Urrutia, Mikel Taberna, Ander Irizar, Araceli Diez de Lezana, Gotzon Egia eta Inma Errea. Azkenean, ondorioak irakurri dituzte antolatzaileek. Hauetariko bat hauxe da: hau bezalako jardunaldi batek jarraipena behar duela.  2010/03/06 - 07:13:03

Ohorezko euskaltzainei diploma ematea. Argazkiak eta hitzak (I)

Otsailaren 26an, Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen ekitaldian , Akademiak izendatu berri dituen ohorezko euskaltzainek diplomak jaso zituzten. Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Akademiak, urtarrilaren 29an eginiko osoko batzarrean : Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana María Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete. Ekitaldiaren nondik-norakoa azaltzeaz gain, Xabier Kintana idazkariak ohorezko euskaltzain bakoitzaren biografia eta merezimenduak aipatu zituen. Zortzi ohorezko euskaltzain izan ziren ekitaldian. Hona hemen Pakita Arregi, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra eta Erramun Baxoken hitzak. Gainontzekoen mintzaldiak -Gorka Aulestia, Martzel Etchehandy, Ana María Etxaide eta Jose Angel Irigarairenak, alegia- datozen egunotan argitaratuko dira. Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuaren agur hitzak ere argitaratzen dira gaurkoan.  2010/03/04 - 07:24:02