Buenos Airesetik Norabaitera

Honatx, nik eginiko argazkiak, testuak eta bideoak korapilatzen dituen bidai kronika bat. 2004ean Buenos Airesetik abiatu eta nonbaiten finitu zen bidai baten kontaketa duzu honakoa.

ARIELEN QUILOMBOA

 2010/03/30 - 13:03:04

MENDOZATIK TUNUYANERA

Ariel ez da Mendozan bizi. Komentzituta nengoen hiriburuan bertan bizi zela, baina hiru ordutara bizi da, Tunuyanen, Andeetatik urtzen den elurrari esker laborantzari probetxu ateratzen dion hiri batetan. Tunuyanen espainiar jatorrikoak dira herritar gehienak, baina badira italiar jatorrikoak ere, eta uzta garaian bolibiarrak, batipat, eta iparmendebaldeko langileak (Salta, San Juan, Tucuman eta San Salvador de Jujuykoak) datoz bertara. Tunuyanen makalondoek baratzak inguratzen dituzte, lurrari trinkotasuna emanez, eta behinala lur antzuak izandakoak atzerriko inbertsoreen jomuga bilakatu dira. Basamortuari lapurtutako lur eremu honetan negua da areriorik behinena. Hotzak landareei kalte egin diezaieke, eta, negu gorriko gauetan, baratzetako lubakietan petroleoari sua ematen diote nekazariek. Nekazari bolibiarrak gau hotzetan erne daude, tenperaturak behera egiten duenean lubakietan sua ahalik eta azkarren pizteko. Nekazarien goardietan ez da alkohola falta, eta kantuek eta sineskeriek Mendozako ilargiaren bakardadea alaitzen dute. Arielen familia ardoaren negozioan murgilduta dago. Arielen aitona Malagatik ihesi egin zuen gerra garaian, eta Mendozako sastraken artean bere inperiotxoa eraiki zuen, Malagako lur idorretan nekazariek erabiltzen zituzten teknikak ezarrita. Berau izan zen zonaldera lehenengo mahatsondoak eraman zituena. Egun, peso argentinarraren debaloaketak esportazioari mesede egin dio, eta Txileko ardoaren arrakastari jarraiki, Mendozan kalitate oneko ardoak ekoizten ari dira, mahatsarendako beharrezkoak diren bi osagaiak, ura eta eguzkia, aurkitu baitaitezke. Andeetako urek ubidez bete dituzte Tunuyaneko soroak. Baratzek tomateak eta barazkiak ematen dituzte; eta mahasti eta olibondoek, primerako ardo eta olioa. Arielen amak arras ongi hitzegiten du bolibiarrez. Lana tajuz egiten dute, eta langile argentinarrak baino finagoak dira bere irudikoz. Argentinar aunitzek, esan dit amak, nahiago dute Estatu Batuetan, Espainian edo Italian komunak garbitu edota nekazaritzan ibili, euren sorterrian baino. Ardoaren kanpaina momenturik garrantzitsuenean dago ni Mendozara iritsi naizenean, eta 9 hilabeteko lehortea hautsi egin da. Euri fin batek eman dit ongietorria Tunuyanen. Ama kezkatuta dago, urak uzta kaltetu dezake eta langile faltan daude. Argentinarrek ez dute nekazaritzan aritu nahi, azpimarratu egin dit amak, eta nahiago dituzte gobernuak eskaintzen dituen laguntza ekonomikoak. Nik kontuak egin ditut bien bitartean, eta amari egia aitortu ez badiot ere, argentinar horiek bezala egingo nukeela ondorioztatu dut. Gobernuaren laguntza eta nekazariei ordaindutako soldataren artean ez da apenas alderik.  2010/03/30 - 13:03:04

EUSKALDUNAK NONNAHI

 2010/03/30 - 13:03:04

BUENOS AIRES

Ez nekien zer demontre aurkituko ote nuen Buenos Airesen, eta hiri txukuna topatu dut. Aspaldi gure arbasoak etorkizun oparo baten bila zetozen, ni, baina, ez nago halako etorkizun baten esperoan, etorkizun soila bilatzen dut. Eta nik etxe zaharrak maite ditut, porlan berririk gabeko etxeak, atsoek bezala osteoporosisak jotako etxeak, margorik gabeak, zaharkituak, gizakien gisara atzera egiten duten eraikinak. Eta Buenos Aireseko San Telmo auzoan horixe aurkitu dut. Eta Retiro edo Los Olivosera doazen autobus koloredunak, eta auto zaharrak, eta matrikulak eskuz idatzita dituzten autoak, Renault markakoak asko. Eta 80garren hamarkadaz gogoratu naiz, eta bihotzminez egin diot so iraganari. Eta nire ama, nire izeba-osabak, nire lehengusuak, ni neu, zahartzen ari garela gogoratu dut, eta Buenos Airesera etorri aurretik ama sofan zurrunkaka ikusi nuela, zaharra eta ederra, eta, bai, zutaz akordatu naizela ama: Hemen egon beharko zinateke, nirekin, edo beste edonorekin, San Telmoko merkatuaren ondoan dagoen kafetegi honetan, litro erdiko koka-kola eskuan, lehiotik sartzen den haizea eta burrunbak direla-eta tontotua. Hobe horrela egotea, ezerezaren itsasoan dilindan. Zergatik ito behar dugu bizitzaren muina aurkitu nahiean? Baina itotzen gara...eta horregatik egiten zaizkit hain osasungarriak bidaiak. Beharrezkoak ditut, ama. Eta emakume batek bi boligrafo paratu ditu nire mahai gainean, bost pesotan biak, eta nik ezezkoa egin diot buruarekin, eta zigarroa eskaini diot, bere boligrafoak erosi ez izanagatik barkamena eskatuko banio bezala. Berak ez du zigarroa nahi, eta hartu-ez hartu ibili da. Zigarroa belarrian pausotu du azkenik eta karrikan gora boligrafoen negozioarekin segitu du, zigarroagatik eskerrak eman eta gero. Emakumea gaztea da, baina hondatua dago, zuri-zuria, hitsa, porlanezko panpin hautsia. BUENOS AIRESEKO ARGAZKI MUNTAIA, Andres Calamaroren musikarekin:  2010/03/30 - 13:03:04

LAS LOCAS

 2010/03/30 - 13:03:04

RECOLETAS HILERRIA

 2010/03/30 - 13:03:04

SAN TELMOKO OSTATUA

 2010/03/30 - 13:03:04

ESCUELA MECANICA

 2010/03/30 - 13:03:04

ARGENTINA BIHURRIA

 2010/03/30 - 13:03:04

EL TIGRE

 2010/03/30 - 13:03:04

Nabigatu euskaraz