Volgako Batelariak
Terriblea, âkritikaâ
Ohar labur hauen bitartez, Gema Lasartek idatzitako "Orgasmus" liburuaren gaineko ustezko kritikaren irakurketak produzitu dizkion durduza eta dardarak adierazten saiatuko da Iban Zaldua. 2015/03/05 - 17:41:03
⥠⥠Nire irakurketa hautatuak ⥠â¥
Sautrela (gogoan bego) saiorako hamalau testu aukeratu nituen iaz. Nik dakidala, ez ziren guztiak emititu. Horregatik, denak bildu eta hona ekartzea erabaki dut; horregatik, eta baita telebistako programa, aukeratutako egileak eta, batez ere, neure burua omentzeko ere. 2015/03/05 - 17:41:03
Poesiaren Zazpi Bekatu Nagusiak
Duela bizpahiru aste ekitaldi bitxi batean parte hartzera gonbidatu ninduten: Euskal Herriko Unibertsitateak Leioako Kanpusean eraiki duen Poesiaren Bidearen inaugurazioan. Arrazoia, antza denez, duela urte batzuk plazaratu nuen âPoesiaren Kontrako Manifestuaâ izan zen: antolatzaileek, ez galdetu zergatik, nik hura errepikatzea nahi zuten. Ziur aski ez da unerik onena aldarrikapen moduko hau argitara emateko, are gutxiago kontuan hartuta gure artean Nazioarteko Poesia Jaialdi bat ospatu berri dela -antolatzaileek berek, apalki, "munduko gertakizun kultural onenetakoa" izendatu duten hura alegia-, baina, egiazki, sekula ez da Poesiarekin, Arte Goren eta Garai horrekin sartzeko abagunerik egokiena. Beraz, hona hemen, addenda gutxi batzuekin, Leioan irakurri nuen testua. 2015/03/05 - 17:41:03
Irakurle paraleloa
Kolaborazio batekin gatoz, aspaldiko partez. Santi Leoné historialari eta irakasle nafarrak âezaguna egingo zaizuena, "The Simpsons"-eko Troy McClurek esango lukeen bezala, hala "Euskal Herria imaginario baten alde" saiakeragatik (Elkar, 2008) nola Berria egunkarian astearteetan idazten dituen zutabe mamitsuengatik, duela ez hainbeste itzuli duen Mario Vargas Llosaren "Pantaleon eta bisitariak" (Elkar, 2011) ahaztu gabeâ, Santi Leonék, genion, "Irakurle paraleloa" ipuin-saiakera âedo saiakera-ipuinaâ eskaini digu opari, testu bat zeinetan, bide batez esanda, Joseba Sarrionandiak âgure literaturako "untouchable" urrietako batekâ protagonismo berezia baitu. Guk poz-pozik jaso eta Volgako Batelariak aldizkariko artikulu bihurtu dugu. Hona hemen. 2015/03/05 - 17:41:03
Alferrikako fetitxeak
Duela hilabete batzuk, literaturaren inguruko biltzar batean, ponentzia bat deigarri gertatu zitzaidan. Arturo Pérez-Reverteren obrari buruzkoa zen. Egiazki, kontrastea egiten zuen gai orokorrean âgaraiagoekinâ, baina hitzaldia ez zuen edonork ematen, Espainiako giro unibertsitarioan oso ondo kokatutako ikertzaile batek baizik, pisu astun batek. Hizlariak Pérez-Reverteren ibilbidearen analisi nahikoa oso bat jorratu zuen, eta idazlea bera zuen iturri nagusi, adibidez, best seller estatubatuarraren eta europarraren ezberdintasunen gainean Pérez-Revertek (auto)teorizatutakoa hizpidera ekarri zuenean âseriotasun osozâ. Halako batean, hitzaldia amaierara iristen ari zelarik, eta âirudipena daukatâ entzule askoren sinesgogortasun eta are harridura keinuen eraginpean, ikertzaileak bere burua behartuta ikusi zuen Pérez-Reverteren âliteraturaâ gustatzen ez zitzaiola aitortzera. Bere diskurtsoaren ezordukotasuna are gehiago azpimarratzeko efektua izan zuena, zer esanik ez. Eztabaidaren txanda iritsi zelarik, hitz gogorrak entzun behar izan zituen entzuleriaren aldetik, bereziki literaturako katedradun apokaliptiko bezain jakintsu baten ahotik. 2015/03/05 - 17:41:03
Zalantzaren etorreraz, zalantza batzuk
Beste kolaborazio bat heldu zaigu, kasu honetan Juan Luis Zabalak bidalia, Jokin Muñozen Ohe azpia hitzaldiari erantzunez: iragarri genuen bezala, aldizkari hau eztabaidarako espazioa izatea nahiko genuke, eta horregatik dago hemen. Eta orain utz diezaiogun hitza Juan Luis Zabalari: Ez dakit oso ondo zergatik, Jokin, ez ditut horretarako arrazoiak oso ondo neurtu, baina Volgako Batelarien blog honetan zure hitzaldiaren testua irakurri ahala erantzuteko gogoa piztu zait. Seguru asko kezkatzen nauten gai batzuk jorratu dituzulako, seguru asko nire zalantza batzuk astindu dituzulako. Eskerrik asko, horrenbestez. Testu hau duzu erantzuteko piztu didazun gogo horren emaitza. Zaharrak berri Abertzaletasunaren monolitismoari eta ikuspegi itxiegiari egiten dizkiozun kritika horiek guztiek ezer gutxi dute, nire ustez, edo nire pertzepzioarentzat behintzat, berritik. Kritika horiek txiste-iturri oparo agortezin bihurtzeraino ditut nik entzunak (ETB-2ko Vaya semanita ko lehen emanaldia baino 22 bat urte lehenagotik; zer urtetakoa ote da ba, esaterako, adibide ezaguna jartzearren, Hertzainaken Drogak AEKn kantua ?), ezker abertzaleko (edo, gutxienez, sistemaren nolabaiteko aurkakotasuneko) zirkuluetatik irten gabe. Literaturari edo hitz kultuari dagokionean ere, ez dira inondik ere berriak kontu horiek. Iñaki Segurolaren liburu argitaratu berrian ( Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo , Alberdania, 2005) aurkitu ditut oraindik orain, dotore eta zintzo asko adieraziak. Baina Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi, Joseba Sarrionandia eta beste hainbat ez dira atzo goizekoak, ezker abertzaleko jende askorentzat (hori egia da, horretan arrazoi guztia ematen dizut) molestia huts badira ere, traba baino egiten ez duten "intelektualak" edo antzeko zerbait (Sarrionandia salbu da ikuspegi horretatik, jakina, bere borondatearen kontra seguru asko). Har dezagun Otamendi, esate baterako: ezker abertzaleko militante deklaratua duzu; ados, ongi da. Baina Markos eta Manexak ipuinak idatzi zituen, besteak beste, Euri kontuak (Susa, 1999) ipuin liburu hezur-muinetaraino "konprometitu" eta (ondorioz?) arinegi ahantzian; areago: askok (ondorioz?) irakurri gabe baztertuan. Horretaz guztiaz aparte, ezker abertzaletik eta inguruko zirkuluetatik kanpo ere (delako "el entorno" horren zabal horretatik kanpo, alegia), maiz jaurti dira gisako kritikak, batzuetan dotore eta errespetuz, beste batzuetan... beste modu batzuetan. Borroka armatua, ETA eta beste kontu batzuk Ez dakit beharrik dagoen, baina, inozo samarra naizenez, esan egingo dut, ez zait inporta: ez nago borroka armatuaren aurka "horrela", en plan grande , Juanjo Olasagarrek esango lukeen moduan (eta ez dut sinesten inor benetan egon daitekeenik ere, gogora dezagun The Clashen The guns of Brixton kantuko galdera), baina ez naiz inondik ere ETAren aldekoa; gaitzesgarriak eta salagarriak iruditzen zaizkit ETAk egindako ekintza asko eta asko, oso aspalditik, eta bai, nik, neure aldetik, ez daukat inolako arazorik esateko ETAk egin dezakeen gauzarik onena eta, niretzat behintzat, pozgarriena desegitea dela. (Ñabardura txiki bat: ez daukat arazorik hori hemen esateko; beste leku batzuetan, aldiz, ez nuke esango, eta gero azalduko dut zergatik.) Baina... "Zalantzaren etorrera ikusten ari gara" diozunean, niri galdera batzuk datozkit burura arrapaladan. Noren zalantzez ari zara baina? Ikusten al duzu zalantzaren izpirik txikiena ere, adibidez, Vocentoko hedabideetako editorialetan? (Gipuzkoakoak Bizkaikoak baino pixka bat leunagoak dira, eta Bizkaikoak Madrilgoak baino leunagoak, baina horiek ez dira prezixo zalantzak eragindako gorabeherak.) Ikusten al duzu zalantzaren izpirik txikiena ere Espainiako Estatuaren indar-agerpen terroristetan? ETA eta ezker abertzaletasunaren itxikeria al dira Euskal Herriko gurasook seme-alaben etorkizunaz (eta osaba-izebok ilobonaz) serio eta larri kezkatuta egoteko duzuen arrazoi nagusia? Non, eta gaurko mundu globalizatuan? Non, eta politika botere ekonomikoaren menpeko gune hezur-muinetaraino biziatu eta ustela bihurturik dugun gizarte honetan? Noiz, eta hala errepresioaren eta torturaren inpunitateak nola langileen prekarietateak Francoren garaiko markak gainditzen dituzten garai honetan? Gisa berean, Adolf Eichmannen aipamenak ere galdera baterako bidea eman dit: ETAkideak eta ezker abertzaleko kide itxiak baino ez dizkizu ekartzen gogora Adolf Eichmannek? Ni ez naiz ETAren aldekoa. Baina ez daukat bihotzik edozein lekutan eta edozein plazatan ETAren aurka agertzeko; ez baztertua izateko beldurrez, ez adiskideak galtzeko beldurrez, baizik eta ETAren Aurkakotasuna bera bihurtu dutelako erakunde, ETA bera baino erakunde terroristago eta izugarriagoa, nola begiratzen zaion. Ez ala? Ez al zaizu zuri, neurri apalagoan bada ere, niri bezala gertatzen? Literatura, ideologia, konpromisoa eta kontaduriak Ondo da, Jokin. Arrazoia daukazu: ideologia batetik eta ideologia baten zerbitzuan idaztea ("ezkutu ideologiko" batek edo "aterpe ideologiko" batean babestuta, zeure hitzekin esateko) oso kaltegarria da (edo izan ohi da gehienetan edo askotan behintzat, ez dezagun aterik itxi, ez dezagun gogorregi dogmatizatu) literaturarentzat. Baina bi kontu horren inguruan: batetik, inolako fede eta ideologia gabekorik ez dago inor; fedearen eta ideologiaren arriskuez ohartu eta ohartarazteak ez du inor ez fedetik, ez ideologiatik eta ez bien arriskuetatik libratzen, mediku izateak gaixotasunetik babesten ez duen bezala. Bestetik, arrazoi osoa zuten Beñat Sarasolak eta Gorka Bereziartuak Juanjo Olasagarreri esaten zioten hartan: ideologiak hondatutako literatura salatzen hasita, nekez ulertzen da zertaz ari garen adibide zehatzik jartzen ez bada. Idazle batzuen kasuetan, konpromiso literarioak ideologia gainditzen du, eta horiek dira, nik hala uste dut, benetako idazle konprometitu estimagarriak (gogoratu zer esan dudan lehen Otamendiz eta haren Euri kontuak ipuin bildumaz). Beste idazle batzuen kasuan, zirrikitu gutxiegi uzten dio ideologiak zalantzari, heterodoxiari eta, azken batean, literaturari, benetako konpromisoari. Baina inork egin al du kontaduria zehatzik, ziurtasunez egiaztatzeko ezker abertzalekoak direla ideologiak "desliteraturizatutako" liburu gehienen egileak? Nik ez dut kontaduria zehatzik egin, baina euskal literaturaz dudan ezagutzak eta (ona edo txarra) berezkoa dudan intuizioak ez naute susmo hori sinesteko bidean jartzen. Bere akats eta bertuteekin Ondo da, Jokin. Arrazoia daukazu: aspergarritik eta artifizialetik asko du euskal abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren inguruko kulturak. Oraindik ere Aitzol, Arana eta are Santa Kruz apaiza ere bizirik daude gure artean, biziegiak aukeran. Ados. Euskararen Kontseilua, ustez behintzat, hiru pertsonaia historiko horien alderdirik itzaltsuenen gainetik dago, baina niri ere, zuri bezala seguru askorik, arreta, nahi gabe ere, beste norabait joaten zait irratian Kontseiluaren inguruko albisteak entzutean edo egunkarian Kontseiluaren inguruko albisteak irakurtzean (Euskal Tonbola izan da salbuespena: horrek behintzat badu grazia, ezta?). Guztiarekin ere, ordea, herri honek munduari ezer erakusteko edo eskaintzekorik badu, ezer bizi, estimagarri eta zinez poetikorik, hori, nik ikusten dudan moduan behintzat, ez da ez euskal gatazka deitzen den hori eta ez euskara bera, baizik eta euskararen alde egin den eta egiten ari den lana eta borroka, euskararen erresistentzia (barka biktimismo ukitutxoa, oi, ez naiz ohartu!), bere akats eta bertuteekin, bere Euskararen Kontseiluarekin, bere trogloditazaleekin, bere kaiku eta lekeitiar guztiekin, bere filologo armada osoarekin, bere Volgako Batelariekin eta bere putetxeko madrearekin. Lizardiren poesia bera ere, zer litzateke gai horri heldu ez balio, euskararen zoroak poeta hezur-muinetaraino bizi ez balu? Orduan ez zatekeen seguru asko Rimbaud Lizardiz galdezka etorriko gurera. Gogoratzen al duzu Bitoriano Gandiagaren arima barruan hazitako lore gorri hura: "gogorragoa giroa eta / gorriagoa orduan"? Uste dut lore gorri xume horixe dela, bere akats eta bertuteekin, bere egoskorkeria arrazoimenaz gaindiko horrekin, munduari eskain diezaiokegun gauzarik aberatsena (uste dut nire aurretik eta nik baino hobeto esan zuela horrelako zerbait Joxe Azurmendik, Manifestu atzeratua poeman). Ez dugula hori sakralizatu behar? Ados. Ironiaz ere mintza gaitezkeela lore gorri horretaz? Aurrera, beldurrik gabe. Euskal gatazka ("La Cosa", Iban Zalduak dioen moduan) baliatu behar dugula munduari interesatuko zaion literatura egiteko? Primeran! ETAk mehatxatu eta hildakoen errealitateari ere lotu behar zaiola euskal literatura? Jakina! Ari ez da ba! Non dago arazoa? Ez duzu zehazten! Zuk, Jokin, euskal literatura "dinamikoagoa, biziagoa, pluralagoa" nahi duzu. "Hizkuntza eta identidadearen inguruan kolore eta norabide bakarreko diskurtsoa egin eta egiten dugula iruditzen zait". Zergatik ote? Nork uxatzen ditu beste kolore eta norabide batzuetako diskurtsoak dituztenak euskaratik eta euskal kulturatik? ETAk? Ezker abertzaleak? Nazionalismoak? Ikastolek? Udalbiltzak? Euskaltzaindiak? Euskararen Kontseiluak? Laborantza Ganbarak? Euskal prentsak? Euskal kritika literarioak? Euskal Idazleen Elkarteak? Sautrela k? Sorginen laratza k? Arantzazuko fraileek? Ramon Labaienen berunezko soldadoek? Pirritx eta Porrotxek? Bi aitorpen eta despedida Badakit, bai, ez dizut ukatuko, euskararen inguruan botere-gune batzuk sortu direla, edo sortzen ari direla, eta botere-gune horiek, indarra bereganatu ahala, aski jokabide larderiatsu eta gaitzesgarriak erakutsi dituztela kasu batzuetan, indarra bereganatzen duten botere-guneen ohiko joera tamalgarriari jarraiki. Baina nik behintzat ezin dut ahaztu euskararen inguruan sortutako botere-gune batzuetan larderiatsu horiek nondik datozen eta nola eraiki diren, ezta ere zein zelaitan eta nolako arbitroekin eta nolako joko-arauekin ari diren lehiatzen. Gai honek Gari Berasaluzek duela hilabete batzuk Berria n idatzi zuen artikulu bat ekarri dit gogora: Mozorroa aurpegi . Artikulu hartan, Garik zioen orain, Urola Kostako Hitza egunkariko zuzendaria denez geroztik, ezin duela askatasun osoz idatzi, edo ezin duela behintzat nolanahi eta non-nahi idatzi. Neurri apalago batean bada ere, nik ere sentitzen dut lotura hori, muga hori, Berria ko erredaktorea naizen aldetik. Baina Gari bezala, ni ere jakinaren gainean nago, eta, Garirena bezala, nire aukera ere kontzientea da. Batetik, uste dut gure askatasunaren murrizpen hori oso lausoa eta oso txikia dela, eta formei dagokiela edukiari baino gehiago (eta, nire kasuan behintzat, neuk onartu nahi ez arren, forma epatante eta probokatiboetarako joeraren garaia pasatuxe dudala uste dut, zoritxarrez); bestetik, nire ustez, oraingoz bederen, lanak ematen didanak (ez naiz diruaz soilik ari, jakina) ordain hori aise merezi duela iruditzen zait. Eta zu, Jokin, benetan guztiz libre zara nolanahi eta non-nahi idazteko? Ez dakit artikuluaren hariarekin ondo lotzen diren bi aitorpen horiek. Eta batez ere ez dakit oso ondo ulertzen den zer adierazi nahi dudan bi aitorpen horiekin. Alegia: zilegiak direla euskal kulturaren periferiaren (edo ezkaratzaren?) aldeko aldarrikapenak, zilegiak direla askatasun indibidualaren aldeko aldarrikapenak... Ongi. Baina hemen eta orain, euskararen aldeko lana, borroka eta militantzia (barka hitz itsusia, oi, ezin izan dut sihestu!) periferiarik periferikoena bezain periferikoak dira gutxien-gutxienean, eta, aldez edo moldez, askatasun indibidualaren aldeko agerpenak. Beste modu batera esango dut: euskara jolaserako nahi dugu, nahi duguna esateko eta nahi duguna egiteko, askatasun osoz, arau eta obligazio guztietatik kanpo, kontsigna guztien gainetik, militantzia guztietatik haratago, "barruko koskorretatik" ateratzen zaigulako, Iñaki Segurolak dioen moduan. Ongi ere, oso ongi. Baina kontuak dauden moduan, gauza jakina da: "Egon hadi lo, eta jango duk mehe!" Beste modu batera antola daitezkeela euskararen nekeak eta lanak? Ez al daude ba bideak libre, ibili nahi dituenarentzat? Nik ez nuen ikusi, baina Patxi Lopezek baimena eskatu omen zion Juan Jose Ibarretxeri Eusko Legebiltzarrean euskaraz hitz egiteko. Ez dakit zer irudituko zaizun, Jokin, baina zuk esandakoek Patxi Lopezen ateraldi hori ekartzen didate behin eta berriro gogora. Zorionez, ordea, inori baimenik eskatu gabe ari zara idazten, euskaraz idazten gainera, matxetearekin bidea zabaltzen, eta segi gogor horretan, denon mesederako izango da eta, benetan diot. Oharra : argazkia Giovanni Berengo Gardin-ena da (1974). 2013/10/18 - 19:51:11
Iban Zalduaren paradisua
Oraingoan Iban Zalduari egokitu zaio Audenen galdetegiari erantzutea, kritikak argitaratzen hasi aurreko ezinbesteko urratsa ( Volgako Batelariak en, behintzat). Paradisua Paisaia : Berdea, Baztan aldekoaren tankerakoa, baina oasi hiritar ugariekin. Klima : Aurrekoarekin ez da ondo konpontzen, baina mediterranearra ondo legoke, udako bero saparik gabe noski. Hizkuntza : Komunikazio telepatikoak obsoleto samar bihurtu du edozein hizkuntza, baina bertako biztanleak, esnob jartzen direnean, elkarrizketa fonikora jotzen dute. Halakoetan hizkuntza hilak dute gustukoen: latina, sanskritoa, irokesera, erromatar konkista garaiko protoeuskara. Biztanleen jatorri etnikoa : %40 lurtar, %25 arkturustar, %10 andromedar, %9 vulkanotar, %16 izar-jatorri anitzetakoak eta hibridoak. Pisu eta neurriak : Izan gaitezen erosoak: sistema metriko hamartarra (arkturustarrek edo andromedarrek ezer errazagorik asmatu ez badute behintzat). Erlijioa : Axolagabe praktikatu daitekeen (edo ez) horietako bat, greziar panteoiarena adibidez, edo Robespierrerik gabeko Izaki Supremoaren kultua. Hiriburuaren dimentsioak : Bi milioi biztanle gehienez. Gobernu-modua : Legegintza-boterea : demokrazia elektronikoa; botere judiziala : Asimoven Hiru Robotika-Legeez eta Aranzadi osoaz hornitutako robot epaileen esku; botere exekutiboa : infinituki jakintsua izango litzatekeen ordenagailu zentral baten esku (zeina, oso noizean behin, erotu egin beharko bailitzateke, HAL 9000ren antzera, populuak altxamenduaren ohitura gal ez dezan). Natur energia iturriak : Hidrogeno atomoen fusioa. Jarduera ekonomikoak : Industria izango litzateke nagusi; garai bateko Italia bezala, produktuen diseinuagatik izango litzateke ezaguna. Garraiobideak : Teletransportazioa, bizikleta estatikoa, motor sidekardunak. Arkitektura : Neogotikoa, 1920-30ko arrazionalismoa, barroko pixka bat. Modernismorik ez; are gutxiago Gaudí. Altzariak eta etxeko tresnak : Zenbat eta pop-ago, hobe. Labazko lanparak egongo lirateke alde guztietatik. Janzkera formala : Txilaba, sari-a, kimonoa. Korbata debekatuta. Hedabideak : The Times zaharraren tamainako egunkari luze-zabalak eta albiste-blog-ak. Monumentuak : Oteizaren eta Txillidaren gauza erraldoiak nonahi. Dibertsio publikoak : Zuri-beltzeko zinema, rol-jokoak, brilé-a (barkatu aldaera donostiarregiagatik: "balón quemado", "campo quemado"...); poesiaren irakurketa publikoa planetaren ilargi izoztuko auditoriora mugatuta egongo da (bi espaziontzi-bidaia hilabete bakoitzeko). 2013/10/18 - 19:51:11
"Zirkulua" nobelaren kritika
2013/10/18 - 19:51:11
Juanjo Olasagarreren paradisua
Hona hemen, beti ere Audeni jarraituz, batelarion bigarren paradisua, Juanjo Olasagarrerena hain zuzen ere. Horrek esan nahi du laster argitaratuko dugula hemen Juanjok idatzitako lehenengo liburu-kritika... PARADISUA Paisaia : Hiritarra baina hirietatik kanpo muino eta etxe bakanak ageri dira, kolore askotakoak paisaiari halako jolas puntu bat erantsiz. Klima : Hotza. Eurite eta bero urtaro bat dago Hizkuntza : Etxean bakoitza bere jatorriarena. Hizkuntza guztien artean egindako neolingua. Urtean astebete jendea mututu egiten da. Biztanleen jatorri etnikoak : Denetarik. Nagusiki eslabiar arrazakoak baina beltzak dexenten daude eta baita ekialdekoak ere. Pisu eta neurriak : Sistema metriko dezimala, dena dela Mututasunaren astean antzinako sistema erabiltzen da, besoka eta eskukadaka neurtuz. Erlijioa : Jainko partikular pila daude eta bakoitzak bereari otoitz egiten dio horretarako prestatutako aldaretan zeinak lehen aipatu muinoetan dauden. Jainkorik arrakastatsuena mutuena da. Hiruburuaren dimentsioak : 10 miloi. Hiri txikiagoak daude eta gero herriak, 500.000 mila biztanle ingurukoak. Gobernu modua : Aldamenez osatutako batzarra, urtero osatzen dena. Bizitzan behin populazio guztiak pasatu behar du gobernutik. Urtean behin, Mututasunaren astean ez dago gobernurik. Natur energia iturriak : Zaborra. Jarduera ekonomikoak : Zinema. Intzentsu industria eta sukaldaritza. Literatura baita ere. Garraiobideak : Trena. Arkitektura : Gotikoa Bauhausekin nahasita. Altzariak eta etxeko tresnak : Hornidurarik gabeak. Garbiak eta funtzionalak Jantzi formala : Gizonak zein emakumeak trajez zera formaletarako. Aisialdirako eklektikoa: gonatik hasita galtzetaraino, sexu desberdintasunik gabe. Debekaturik dago, Mututasun astean ezik, kolore marroia erabiltzea. Hedabideak : Zurrumurruak. Monumentuak : Abstraktoak. Debekaturik dago gobernuan izandakoei estatuak eraikitzea. Dibertsio publikoak : Irakurketa. Paseoak. Eztabaida publikoak. Mututasunaren astean sexua. 2013/10/18 - 19:51:11
Ohe azpia
Volgako Batelariak inoizkarian kolaborazioak argitaratuko genituela iragarri genuen, eta hona hemen lehenengoa, Jokin Muñozek eskaini diguna. Idazle nafarrak lagun batekin batera Iruñeko Hizkuntz Eskolan aurtengo martxoaren batean eman zuen irakurketa-hitzaldia jasotzen du, eta testuaren ardatza Bizia lo ipuin-liburua da, 2003ko Euskadi Literatur Saria jaso zuena. Interesgarria eta eztabaidarako zinez aproposa iruditu zaigu batelarioi. BIZIA LO OHE AZPIA Semeak begiak itxi ditu. Erabat isildu da azken eztularekin batera, eta geldi-geldi dago orain, burua pareta aldera emanik. Burua alde honetara jarriko diat, Andres, mekanoari begira, esan dio aitak, eta xuabe-xuabe heldu dio lepo atzetik. Burua gora, sapai aldera begira jarri dio, ordea. Gero laztan egin dio kopeta izerdi hozten hasian. Ze lanak hartu dituen beti kopeta gaineko ile-punta bihurri horiek orrazten! Jarraian eseri da, aulki txikian oraingo honetan, belaunak bular parean kuzkur-kuzkur eginik. Burua belaunen gainera erori zaio, eta horrela egon da, tarte batez, ezpainak galtzen kontra estuturik. Ez dio jada emazteari entzuten, baina haren eskuak sorbalda gainean sentitu ditu halako batean, eta ezin izan dio eutsi begietara etorri zaion aurreneko negar kolpeari. "Mekanoa", Bizia lo , 32 orr. DENBORA-PASA Arratsalde on. Tristea pasartea, ezta? Lagun batek esan dit hitzaldi baten aurreneko legea dela jendea entretenitzea: zerbait alaia, txisposoa, okurrentea esan behar duzula tarteka, alegia, eta, batez ere, ez dela irakurri behar. Ikusten duzuenez, ez diot kasu piperrik ere egin lagunari. Barkatu didazue, ordea. Gertatzen dena da elkarrizketa eta komentario gaizto bat edo bestek bultzatu nautela dena goitik behera idaztera, badezpadere, nahiz nire estiloa ez den. Beste kontuari dagokionez, zuek esango didazue, irakurri baduzue, liburu honi umore apurrik atera ote dakiokeen. Beraz, hemen naukazue, irakurtzen eta triste. Bestelako liburuak idatz nitzakeen, noski. Baina horregatik ni idazle alaiagoa izango nintzateke? Nik uste dut liburu tristea=idazle tristea eta liburu alaia=idazle alaia elkarketak ez direla zuzenak. Irakurleak entretenitzeko soilik idazten duen idazlea ez da ni baino alaiagoa. Kontrakoa esango nuke nik. Berak, nik ez bezala, irakurlea errealitate, egunerokotasun mikatz eta tristetik urruntzeko beharra ikusten du fikzio zoragarrien bidez. Irakurlea zoritxarrekoa da, eta ahazteko bideak eman behar zaizkio. Nik, berriz, kontrakoa uste dut. Irakurleak, orohar, bizipoza daukala, zoriontsu bizi dela, baina, noiz edo noiz, zenbait gauza triste, mikatz gogorarazi behar zaizkiola. Gertatzen dena, beharbada, zera da: jendeak ez du buruko minik nahi. Egunean zehar lanpetuta egoten da, eta ez du eseri nahi mutiko baten azken hatsaren kronika ralentizatua irakurtzeko, adibidez. Konfliktorik gabeko gizartea da Mendebaldeko Europaren azken 50 urteetakoa. Konflikto, gatazka politiko-armaturik gabekoa, diot. Bi tokitan bakarrik izan dugu horrelakorik: Irlanda eta Euskal Herria. Gainerakoan, esan bezala -Yugoslavia ekialdeko Europan dago-, ez dugu konfliktorik izan azken 50 urteetan. II gerrate mundiala bukatu zenez geroztik, alegia. Hartara, mendebaldeko gizartea bizi omen den asperdura horretan, irakurleak distraitu, distraitzen dira denborapasako literatura irakurtzen. Buruko minik hartu gabe. Zer pentsatua eduki gabe. Heriotzerako bide geldo horretan, asperdura horretan, "nobelak leituz distraitzen gara". Nik uste dut, halere, gatazkarik gabe, tentsiorik gabe ez dagoela literatura ona egiterik. Badago esaten duenik ere gaur egun nobela onak bakar-bakarrik 3.mundutik etor daitezkeela. Noski, esageratzen ari da. Baina nik zera diot: hemen, Euskal Herrian ere, nobelarako, fikziorako aukera itzelak daude. Gure gizartean fikziorako sustrato aparta daukagu, erabili beharrekoa zerbait ezberdinik eskainiko badugu Europako literaturen mapa errepikakor betiberdin honetan. Euskal Arazoa. "La Cosa", nire lagun batzuek dioten bezala, hain baita amorfoa, hain baita handia, hain baita omnipresentea. Eta ez da bakar-bakarrik han barna tiroka dabiltzan burugabe batzuen kontua. Gizarte osoa hartzen du goitik behera. Nik uste dut, neurri handi batean, gizarte hau, eta euskararen mundua bereziki, gaixo dagoela. Niri, behintzat, telediarioak deitzen dit behin eta berriro. Obsesio bilakatu zait "La Cosa" deitzen dugun hori. Idazten dudanean beti agertzen zait bizkarrera, eta sorbaldetan kas-kas- kolpetxoak ematen dizkit. Aspaldi jada Julio Llamazaresenen estiloko bidai liburu bat idatzi nahi izan nuen - En Babia , El rio del olvido , Tras-os-montes en antzekoa-, Etxauritik Castejonera oinez joanez, eta Astraineraino iraun zidaten asmo nobleek, Astrainera iritsi gabe "La Cosa" bidera atera zitzaidan-eta. Stephen King idazleak esaten du idazten duenean, sortu nahi duen beldur eta ezinegon efektu hori eragiteko, bizkarrean monstruo baten arnasketa sakona sentitu behar duela -affff!, affff!-. A ze umekeria, ezta? Nirea terrorifikoagoa dela uste dut. Nik idazten dudanean eulitzar bat entzuten dut kortina atzean, -tzzzzzz- ito beharrean, eta deitu eta deitu aritzen zait. Bai, gure konfliktoak erromantizismo dexente galdu du dagoeneko. Jada ez da Victor Hugok esaten zuen orgen kirrinka amaigabe hura entzuten dena, hemengo arazo politiko konpongabearen erakusgarri. Keba. Euli tzar nazkagarria dugu, kortina atzean harrapatuta, ari eta ari aspergarri-temosoan. Baina hori beharbada ni bezalako obsesibo batzuen kontua besterik ez da. Light denaren gizartean bizi gara: alkoholik ez, tabakorik ez, proteinarik ez, pikanterik ez... No problem . Eta light izate hori gure literaturara, gure fikziora pasatu da. Dena arina izan beharra. Liburuak zerbait inokuoa behar du, eta kritikarik egiten bada, izan dadila beti amablea. Terrenoa betiere ondo mugatua. Hor dugu pornografia, kleroa... Hor ditugu batzokiak, joder...! Terreno ezin hobea probokaziorako. Baina, gure zoritxarrerako, Mirandek aurre hartu zigun duela 30 urte, edo Boccacciok duela 600. Berandu iritsi gara. Terreno horretan egin dezakeguna beti boy-scout batzuen bihurrikeria bat izango da. Inokuoa. Esaneko literatura baita, gurea. Non dago, ordea, pentsamendu basatirako terrenoa? Nora bideratu gure zalantzak, gure amorruak? Non daude, hitz batez esanda, gure tabuak? Euskaldunen terreno debekatua? IDENTIDADEAn, noski. Politikan. "La Cosa"-n. Gertatzen dena da gai batzuek denbora behar dutela fikzio bilakatzeko. Hain dira mingarriak! Hain dira gertuak! Baina ni horrekin ez nago erabat ados. Ez da bakar-bakarrik distantzia kontua. Neurri handi batean, euskal idazleek errealitate mikatzari bizkarra erakusteko joera izan dute beti. Hor ditugu, esaterako, exilioko idazleak eta gerraondokoak, lubakietako trajediak, miliziano eta gudarien heriotzak kontatu beharrean, baserrian, amonaren gonapean giltzapetu zirenak. Ez ziren hurbildu gerraren izu-laborrira. Eta ez dakit zergatik. Guk, bestalde, zerbait egin badugu gure tragedia moderno honekin azken 30 urteetan, izan da kritika nahiko gainetikoa - hi, gure mutilak dituk-eta! -, fikzio metaforiko-poetikoa edo, okerrena dena, panegiriko bat edo beste. Orain, berriz, ematen du garaia dugula "La Cosa"-ri alde guztietatik heltzeko. Akaso izango da denboragatik beragatik. 30 urteko tregua bat eman diegu gure askatzaileei, eta, hortaz, hau ez da, jadanik, anekdota historiko hutsa. Nik esango nuke kodigo existentzial bat dela, gure jarrera, iritzi guztiak baldintzatzen dituena. Mundu ikuskera berezi bat da konflikto luze honek gugan txertatu duena. Eta mundu ikuskera horrek, neurri batean, ahoa itxi ez, baina lokartu bai, lokartu egin gaitu. Beha itzazue Euskadi Sarietarako aurtengo hautagaiak . Denek ukitzen dute konfliktoa zuzen edo zeharka. Klabe historikoan batek, beste batek klabe errealista-poetikoan, beste batek klabe filosofikoan, eta beste bik - Bizia lo barne- klabe, nola esango nuke, intrahistorikoan? Gordin-errealistan? Eta atea zabalik dago, zeren, irakurri duzue Juanjo Olasagarreren azkena? Eider Rodriguezena? Iban Zalduarena? Heldu behar diogu, bai, gureari, kupidarik gabe heldu ere bai. Ezeroso, minduta sentitzeraino zenbaitetan, zergatik ez. Tregua bukatu baita. Nahikoa kasu egin diegu gure gurasoei, gure aiton-amonei... Jon Juaristik ez du arrazoirik esaten duenean "gurasoek gezur esan zigutela". Ez, ez ziguten gezurrik esan. Lokartu egin gintuzten, eta ez dugu -ez dut- lo gozoan segitu nahi. Nirea ere entzutea nahi dut. Senarraren aldera jiratu da, nekatu itxurak eginez. Ohe buruan eserita dago, burkoa bizkarrean jarrita, eta telebistaren argiek tarteka aurpegia argitzen diote, orain piztu, orain itzali. Kaskorik gabe dago, baina ez dio telebistari begirik kentzen. Iragarkiak dira. Yankee itxurako umekozkor batzuk ageri dira bizikleta gainean, ziztu bizian maldan behera. Nesquick. Ezagutzen du iragarkia. E.T. filma ekartzen dio gogora. Jonekin ikusi zuen, aspaldi. Akaso segidan ezohiko informatibo bat jarriko dute. Egun osoa pasa dute leherketaren gaineko aldiroko informazioa ematen. Eta horixe dator orain. Teleberriaren ohiko aurkezpena ikusten ari dira, hain juxtu. Doinua kanta lezake irudiekin batera. Kaskoak pasabidean geratu dira, telefonoaren ondoan, baina bietatik inork ez du ohetik jaikitzeko keinurik egin. Beste behin ere, irudiekin etsi behar. Aurkezlea ageri da orain. Aurpegian larridura eta kezka nabari zaizkio, beste askotan bezalaxe. Eta beste askotan bezalaxe ere, auto hondarrak ikusten dira ondoko irudietan. Karrozeria eta kristal puskak han-hemen, eta arropa zati odolduak nonahi. Akaso izen bat edo beste esango du aurkezleak, irudiak kendu eta berriz ere enfokatzen dutenean. Baina kieto daude biak, nor bere aldean. Ez dute entzungo. Ez dute entzun nahi. "Ixiluneak", Bizia lo , 55-56 orr. URRUTIRATU BEHARRAZ Batzuetan errealitatea edozein ametsgaizto baino aberats, harrigarri eta izugarriagoa da, ez da hala? Horretaz aparte, fantasia dago. Baina fantasia literaturan ez zait batere interesatzen. Nahiago dut imaginazioa. Amos Oz idazle israeldarrak -ez sionistak- esaten du imaginazioa dela fanatismoaren kontrako antidotorik onena. Egingo dugu aproba?: Sartu da Idoia. Ume guztien begiradek bat egin dute bere gainean. Maixua gela erdian dago, mahats mordo bana belarrietan eta masailak gorriz margotuta. Antzerkia prestatzen ari gara!, oihukatu dio ume ilegorri batek; Bako da! esan dio beste batek, maixua seinalatuz. Idoia bi-hiru pauso eman eta parean jarri zaio maixuari. Tiro egin dio. Lurrera erori da maixua, eta lau hankatan hasi da ihesi arbel aldera, mahats mordoak oraindik belarrietan. Ume guztiak oihuka bizian hasi dira. Bigarren tiroa sorbaldan egin dio, berta-bertatik, baina maixuak arrastaka segitu du, aulki eta mahai txikien artetik odol arrasto bat utziz. Jon heldu da orduan. Maixua arbelaren azpian aurkitu du, paretaren kontra jarria. Mahats mordo bakarra belarri batean, eta masailen gorria ezabatuxea aurpegi odoleztatuaren azpian. Iritsi da Idoia bere parera. Jarri dio Browning-a bekokian. Maixuak eskuak aurpegira eraman ditu, oihu eta oihu. Eskua dardarka ari zaio Idoiari. Hor dago, tiro egin-ez egin. Jon umeak ostikoka baztertuz hurbildu da, eta tiro egi dio lokian, inpentsan. Tiro bakarra. "Elurraren isila", Bizia lo , 146-147 orr. Idazle bakoitzak bere barrenak agerian uzten ditu fikzioaren bidez. Bere intimidadea agertu, kontatu dioten Historia Nagusi horretan sinisten ez duela azaltzeko. Baina toki bat behar du, bertatik errealitatea ikusteko. Nondik idatzi, ordea? Lizardik Muttitegitik idazten zuen. Arestik Bilbotik. Ez dira beti geografia jakinak izaten. Balkoi ideologikoak ere erosoak dira. Baina problema da behe-lainoak begiak itsutzen dizkigula zenbaitetan. Herri honetan aktualitateak errealitatea jaten du. Periodikuek ez digute inguruan dugunaren ñabardurak antzematen uzten. Errealitatearen parte handi bat ezkutatzen digute. Arreta desbideratzen digute. Horrela, garrantzitsuena ahazten dugu, premia handikoa iruditzen zaigunari heldu behar diogulako. Zeren, aktualitatea ez baita errealitatea. Aktualitatea, esan bezala, periodikuetan dago. Baina errealitatea? Non dago errealitatea? Eta oraina? Oraina ulertzeko klabeak aspaldiko liburuetan aurki daitezke, eta orainaren berri ere eman daiteke aspaldian kokatutako fikzio baten bidez. Nik, esaterako, Robinson Crusoe nobelan aurkitu dut gure herriaren orainaren metaforarik behinena. Bukaeran irakurriko dizuet, zalantzaren gainean hitz egiten dizuedanean. Esaten nizuen aktualitatetik urrutiratu beharra dagoela errealitatea ondo ulertzeko. Kanpotik idazteak beti propuesta literario interesgarriak eragin ditu. Mirandek Parisetik idazten zuen. Arestik Bilbotik. Biek euskararen herriaren kanpo aldetik, ohartu zarete? Urrutitik gauzek esanahi sekretu eta harrigarriak hartzen dituzte. Pessoak esaten zuen ETXEA -Aitaren etxea- toki bat dela non ez den sentitzen. Barruan egoteak bihotz-begiak isten ditu. Ikustea, ondo ikustea, urrutikoa izatea da. Argi ikusteko urrutiratu eta gelditu beharra dago. Begi arrotzekin begiratu beharra dago. Garai batean PERIFERIAren kontzeptua erabiltzen nuen esan nahi dudana adierazteko. Orain, berriz, gehiago gustatzen zait EZKARATZA kontzeptua. Ezkaratzan, etxeko sarreran, alegia, ez zaude ez barruan ez kanpoan. Ez zeruan ez infernuan, batek baino gehiagok aurpegiratuko lidakeen bezala. Toki hori, ezkaratza, exilio txiki bat da. Nahi duzunean sartu, nahi duzunean ateratzen zara. Gero bidaia dago, noski. Erabateko urrutiratzea. Baina kontuz bidaiekin. Ulises urrutira joan zen, baina etxera bere ideiak indartuta itzuli zen. Horiek bidaia zirkularrak dira, alperrikakoak. Marra zuzena nahiago dut nik. Bidaia rektilineoak, alegia. Halakoetan hasten dena askotan etxera itzuli ezinean geratzen da, bidean identidadea eta beste gauza asko ere utziz. Biluztu beharra dagoela iruditzen zait, aldean daramagun ezkutu ideologikoa lurrera bota. Ez ditut aterpe ideologikoak maite. Ideiak argi edukitzea ez dator bat idazle izaerarekin. Idazleok behar dugun babes bakarra norberaren kaskezurrak ematen diguna da. Harago joango nintzateke gogoeta horrekin. Beharbada bidaia rektikineoan jada, baina, tira, botako dut: ez gara herri, nazio bateko idazleak, hizkuntza batekoak baizik. Euskal idazleak baino areago, euskarazko idazleak. Motibo bat baino gehiago dugu-eta Euskal Herriaz esateko Cernuda poeta gaztelaniazkoak Espainiaz esaten zuena, alegia: "soy un español sin ganas". Ba, horixe: zenbaitetan, gogorik gabeko euskalduna naiz. -Hara! Zezenplaza! -esan dio Aitorri. Urrutian, kaitik harago, zezenplaza ageri da mendixka baten gainean, garabiek inguratuta. -Etxea ere ikusten duk! -esan dio Aitorrek, zigarroa ezpainetatik apartatu gabe. Kaioen garrasiak baino ez dira entzuten, itsasoaren arnasarekin batera. Gutxi dira hegan ari direnak. Gehienak arroken gainean daude anabasean, ur zikinak isurtzen dituen hustubidearen arrimora etorriak. -Polita duk paisaia, ezta Gabi? -segitu du Aitorrek, badia osoa aurrean dutela-. Ez fidatu, ordea. Hor behean kaka eta miseria besterik ez zegok. Gabik sudurra maukarekin lehortzeko keinua egin du, baina anaiak, eskua kolpe batez baztertu, eta bere muki-zapia eman dio. -Erabili hau, Gabi! Horrela tontoa ematen duk-eta! Gabik muki-zapia sudurretik pasa du, etsipenez. -Tontoa nauk, Aitor. -Zer diok? -Hala esaten zidatek auzoko guztiek: tontoa. -Nork? -Guztiek -erantzun dio Gabik-. Beno, Joxek eta Manuk ez. Aitorrek beste zupada bat jo dio zigarroari, eta, ia-ia hasi berritan, behera bota du, arroketara. Gabik begiradarekin segitu dio zigarrokinari amildegitik behera, eta lagunekin gogoratu da. -Niri ere hala esaten zidatean -segitu du Aitorrek-: tontoa, leloa, babua... Begiradak orain, ordea! Begiradak! Zer naizen ni eta zer diren beraiek! Lezio ederra eman zieat! Arnasa sakon-sakon hartu du. Gero anaiari bekoz-beko begiratu dio. Zapia sudurretik pasatzean mukiak masailetik zabaldu baino ez ditu egin gixajoak. Ez dio ezer esan, ordea. Zapia kendu eta berak garbitu dio muki-arrasto hori, xuabe-xuabe. -Ez utzi inori hitaz barre egiten, Gabi. Hi ez haiz tontoa. Egunen batean goitik begiratuko diek, nik bezala. "Xantilli", Bizia lo , 88-89 orr. UNIFORMIDADEAREN KONTRA Askotan kexatu izan gara espainiarrek euskaldun guztiok -ez baskoak, euskaldunak- uniformizatzen gaituztelako. Ematen du euren begien aurrean halako logia edo tribu bat osatzen dugula, denok bat egiten dugula beti. Gogoratu: "La cuadrilla". Hori, beharbada, ikusirik zer-nolako irudia ematen dugun kanpora begira, ez da oso harritzekoa. Nik esango nuke euskal idazle guztiok, den-denok, aurrena "euskal" garela, eta gero "idazle". Eta hizkuntzak, beste inon ez bezala, batu egiten gaituela ezeren gainetik. Eta kasu askotan, gehiegitan esango nuke nik, hizkuntza bainoago "baskoa" izatea da lokarria. Basko abertzalea, gainera. Kezkatzen nau, bai, uniformizazioak. Nik beti kulturaren alorrean indibidualismoa aldarrikatu izan dut. Errebeldia indibiduala, norbanakoa, ez errebeldia hiper-antolatua. Horretaz nazka-nazka eginda nago aspalditik. Kezkatzen nau uniformizazioak, eta batez ere guk geuk geure buruei ezartzen dieguna. Gurean pentsaera, jarrera, mundu ikuskera askozez ere pluralagoak egon behar lirateke. Oso prebisibleak garela esan nahi dut, eta handik espainiarren, arrotzen pertzepzio okerra. Alde horretatik, uste dut gureak, euskarazko literaturak, dinamikoagoa, biziagoa, pluralagoa behar lukeela izan. Akaso horregatik sentitzen naiz erosoago erdal munduan euskal munduan baino. Akaso horregatik nire lagunik onenak hemen, Nafarroan, erdaldunak dira. Guztiagatik ere, uste dut mundu sinboliko berriak sortzen ari direla euskararen munduan, euskaldun tradizional eta uniforme-zaleei arrotz eta ezerosoak egiten zaizkionak. Eta hori ez dugu gure literaturan islatzen jakin. Hizkuntza eta identidadearen inguruan kolore eta norabide bakarreko diskurtsoa egin eta egiten dugula iruditzen zait. Eta esango nuke belaunaldi berriak gogaitu egin ditugula dagoeneko. Adibide bat jarriko dizuet. Gazte jendearekin lan egiteak errealitatera hurbiltzen zaitu. Nik ikasleak ditut. Euskarazko ereduko ikasleak. Orain urte batzuk -ez da oraingo kontua, hortaz, aspaldixkotik datorren jarrera baten erakusgarri izan daiteke-, orain urte batzuk, diot, idazlan bat proposatu nien ikasleei. Bertan kexa gutun bat idatzi behar zioten institutuko zuzendariari, institututik etxera bidaltzen zituzten eskutitz guztietan bere izena ageri beharrean -hau da: Andoni- Antonio azalten zelako. Hara ikasle gaiztoaren idazlanaren hasiera: Institutuko zuzendari jauna: Honakoaren bidez adierazi nahi dizut zinez gogaituta nagoela, ez baitidazue kasu izpirik ere egin orain artean. Hamaika aldiz esan dizuet nire izena ez dela Andoni, ez Antton, ez, mesedez, Andolin ere, Antonio baizik. Antonio Gerrikagoitiagomezkorta. Gure esparruak, euskarazko kulturarenak eta, askotan ere, literaturarenak, halako kibbutz handi bat ematen du, eta hizkuntzak, eta hizkuntzarekin batera korrekzio ideologikoak ezartzen dizkigun mugetatik hara ez gara apenas ateratzen. Oso argi dugu zer esan dezakegun eta zer ez. Euskaldun zintzoaren txipa oso ondo txertatua daukagu. Eta euskal idazle zintzoarena ere bai. Zein manifestu sinatu behar dugun, zein ez. Zein manifestu ez sinatzeak ekar diezagukeen problema bat edo beste... Ez da harritzekoa. 30 urteko abertzaletasun soziologiko baten ondorioa besterik ez da hori. Gogoratu lehen aipatu dudan kodigo existentzialaren kontu hori. Oraindik gogoan duk argazki hura. Egin egunkarian presoei animoak emateko ia egunero ateratzen zituzten horietako bat zuan. Lagun koadrilla bat ageri zuan. Zorionak Ina zioen haietako bik erakusten zuten pankartak. Denak pozik zeudean, benetan pozik. Han inor ez zuan alai itxurak egiten ari. Hiruk-edo ukabila gora jasota zeukatean, hiri horren inozoa iruditzen zaian jarrera hartan -egia esateko, urteak dituk abertzaleen parafernalia hori guztia barregarri samarra iruditzen zaiala-, eta neska batek -Mariasunek- ume txiki bat, hilabete eskasekoa, besoetan zian. Umea kamarara begira jartzen saiatzen ari zuan, presoak -Inaziok- bere semea ondo ikus zezan. Harrez geroztik, ia-ia urtero segitu diok koadrilla horren -Mariasunen- arrastoari. Lehenengo hiru-lau urteetan jende berbera agertu zuan, bizpahiru gazte sutsuk lagunduta. Hauek ikurriñak, arrano beltzak-eta erakusten zitiztean, Zorionak Ina zioen pankartari betiko lagunek eusten ziotean-eta, aurreneko argazki haietan behinik behin. Urte batzuk geroago betiko lagun horiek ere ezari-ezarian argazkitik desagertuz joango zituan. Azaldu bitartean, baina, urtero pankarta berria atera zitean, okasiorako propio egina, beti mezu berarekin -Zorionak Ina-, eta zenbaitetan xelebrekeriaren bat eta guzti -txanpaina freskatzen jarri diagu; marmitakoa punttu-punttuan zegok, eta antzekoak-. Haiek argazkian agertzeari utzi ziotenetik, ordea, inork ez zian hartu pankartaren ardura, eta urtetik urtera pankarta bera ateratzen hasi zituan, ziurrenera urte osoan Herriko Tabernan bertan gordea, eta batere mezurik gabe. Zorionak Ina, Zorionak Ina, Zorionak Ina... "Azterketa", Bizia lo , 101-102 orr. Baina mundu ikuskera hori amiltzen ari da, biolentziaren kulturarekin batera, eta ez gara enteratzen ari. Edo ez dugu enteratu nahi. Transizio garaiak zailenak izaten dira antzematen. Literatura, gainera, ez da oso tresna egokia aldaketak deskribatzeko. Gauza iraunkorrak deskribatu nahiago ditu. Hilotza hobeto deskribatzen du hilzorian dagoena baino. Espainian, adibidez, Franko azkenik hilotz bilakatu zenean, eta demokraziaren hasierarekin batera, literaturaren alorrean testimonio literatura, literatura autobiografikoa etab.. nagusitu zen. Atzean bazegoen zer kontatua, eta halako batean, une egokia ikusi zuten idazleek horretarako. Nik uste dut hemen, biolentzia politikoaren amaierarekin batera, antzeko zerbait gertatuko dela. Alegia, begirada, sentsibilidade, mundu ikuskera berriak sortuko direla euskaren eta euskal literaturaren alorrean. Eta orduan bai, izango dugula munduari zer kontatua. Eta irrikaz eta interes handiz entzungo digutela uste dut. Neurri handi batean, gure literaturari begirada berriak, mundu ikuskera berriak, kolore berriak eskaini nahia da ni euskal literaturan segitzera animatzen nauena. Behin baino gehiagotan galdetu didate nolatan, Castejonekoa izaki, ama hizkuntza gaztelania izaki, idazten dudan euskaraz. Eta halakoetan metafora batekin erantzuten dut beti. Hizkuntza handietan idaztea -frantsesa, espainiera, inglesa- autopista batean ibiltzea bezalakoa da. Bideak eginda daude. Zure aurretik milaka pasatu dira. Dena eginda dago. Dena esanda dago. Euskaraz idatziz gero, berriz, askotan kontua ez da autopistatik errepidera, edo errepidetik mendiko pistara pasatzen zarela -gogoratu Atxagaren trikua -, baizik eta, nire kasuan, matxetazoka zabaldu behar duzula bidea, Mato Grosso -an barrena ibiliko bazina bezala. Adibidea oso ilustratiboa da, baina, tamalez, areagotzen du kanpoko zein barruko askori gustatzen zaion tribu irudi hori. Badakizue, Europako herri indigena bakarra garela eta beste trogloditakeria horiek... Bai, gureaz, gure gaixoaldiaz hitz egitea izango da, finean, gure literatura kanpoko irakurleei ere erakargarri egingo diena. Planteamendua klabe komertzialetan ere egin daiteke. Kontradiktorioa da, euskaraz idaztearen aldeko apostua egin eta gero, baina galdera botako dut. Hara: zerk erakartzen edo erakarriko ditu kanpoko irakurleak gure literaturara? Zer eskain diezaiekegu autopistetan ibiltzeaz gogaituta dauden kanpoko irakurleei? Jadanik euren hizkutzetan irakurritakoa? Nobela beltza? Intriga historikoa? Alegia, gauza bera? Gauza izango al litzateke, demagun, irakurle ingles bat, hamar libururen artetik euskaratik itzulitakoa antzemateko? Beste modu batera planteatua: Zerk egiten du gure literatura hemengo, hizkuntzaren erreferentetik harago? Zerk definitzen digu hemengotasuna, hizkuntza ez bada? Orain, eta batez ere gure harresia erortzen denean, gure literatura definitu eta, aldi berean, harenganako interesa piztuko duena "La Cosa" da. Biolentzia politikoak eragindako kodigo existentzial hori, alegia. Gure mitikotasuna, poetikotasuna, unibertsaltasunaren kontu hori Obabarekin batera agortu baitzaigu. Gizarte gaixotu baten berri eman behar dugu. 30 urtetako gaixoaldi baten berri. Eta hori gertatuko da gure transizioa pasatzen dugunean. Kibbutz eko alanbradak mozten ditugunean. Gutaz gehiago hitz egitea da falta zaigun bakarra. Eta besteek gugandik esperoko dutena, dudarik gabe. Aldaketarako prestatu behar gara. Bizia lo eskuan duela euskarazko irakurleak, eta erdarazko irakurle baskoak, zera pentsatu behar du: liburu hau ez da bakar-bakarrik biolentzia politikoaz ari. Liburu hau gutaz ari da. Liburu hau nitaz ari da. Lasaitu itxurak egiten saiatu da senarraren ondoan etzan denean. Ez al du esaten, ba, histerika hutsa dela? Gertatutakoaz ez du ezer ere komentatu. Bazkaldu eta gero banketxera joan da, eta orain burua egunkariaren atzean ezkutatzen du. Horrek ez du harritu, halere. Berak ere nahiago du isilik egon. Zertarako hitz egin, ba? Giroa gaiztotzeko? Garai batean, beste gixajo bat esaten zuen norbait hiltzen zutenean, eta senarra aztoratzen zen. Bai; baina besteak ere.... Horixe esan zion, gogoratzen da, tregua hautsi zenean. Bai; baina besteak ere... ez dira gelditu. Behinik behin aspalditik dago pasaportearena entzun gabe, eta ez da gutxi. Ez-dakit-nori pasaportea eman diote, esaten zen garai batean. Edo matarilea. Orain, berriz, mutu biak. Mutu, adibidez, bonba-auto hura telebistan ikusi zutenean, manta baten azpian zetzan politiko ezagun haren gorputik ez oso urruti; eta mutu ere gaur, beste bonba-auto batek lau gixajo -bai, gixajo, esan du berekiko- inork ez ezagutzeraino txikitu dituenean. "Isiluneak", Bizia lo , 35 orr. ANAEROBIOAK GARA Biologian anaerobioak esaten zaie airerik gabeko giroetan bizi diren mikroorganismoei. Nik uste dut, neurri handi batean, anaerobioak garela, airea falta dugula. Matematika eragiketa sinple batek eman dezake gure gaitzaren tamainaren berri. Egin dezagun kontua: 700 preso, 1000tik gora hildako, ehundaka iheslari... Jar dezagun kopuru bat preso, hildako eta iheslari bakoitzeko: 4 senitarteko eta 20 bat lagun kaltetu bakoitzeko. Ikaragarria da minaren hedapen soziala. Ez zen beharrezkoa Oldartzen-ek sufrimendua sozializatzea. Gure artean bazegoen-eta. Hiru belaunaldi anaerobio, hortaz. Hiru belaunaldi gaixo, ezin hel daitekeena, ezin koka daitekeena gizartean. Hiru belaunaldi frustrazioaren eskolan heziak. Eta paranoia luze baten gainbeherak, gogoratu, umezurtzak uzten ditu bidean. Horror vacui. Hutsune esistentziala. Ez iraganik, ez gerorik. Baina epikaren ahuldadeak onik ere badakar. Nekea, adibidez. Eta nekea hasten denean kreatibitatea indartzen da. Autozentsura ahuldu egiten da, eta kontu eske hasten gara, dagokionari kargu hartzen. Autokritika indartzen da, hitz batez esanda. Eta imajina ditzakegu sekulan imajinatu ez ditugun ñabardurak eszena zoritxarrez ezagunetan: Bi gazteei bizkar emanda, belauniko, Aitor dago, Che Guevararen kamiseta beltza jantzita. Inguruan, azken orduetako langarrak sortutako putzuetan sartuxeak, lata, kartoi eta plastiko hondarrak ageri dira nonahi. Manuk bere amak erabiltzen duen garbigarri ezagun baten pote handi hustu bat hauteman du Aitorren oinetatik gertu. (...) Aitorrek karkaisa bat bota du, inoiz baino lodiago, inoiz baino ozenago, aurreneko tiroa buruan jaso aurretixe. Karkaisaren beraren gainean erori da gorpua, garbigarri potearen ondo-ondoan, eta gero beste bi-hiru aldiz gehiago egin diote tiro, denak buruan. Zezenplazatik datorren zaratak ez du ito tiroen eztanda, baina, horrela ere, ez dute Gabiren arreta berenganatu. Gero bi gazteak lasterka ikusi dituzte eskaileretarantz. Bertan hirugarren gazte bat zain daukate. Joxek ederki ezagutu du, urruti dagoen arren. Txima luze horiek, lasterka egiteko modu hori... Etxera iristen denean, ez dio esango, ez, amari, nor ikusi duen gaur arratsaldean zezenplazako hareatzan. "Xantilli", Bizia lo , 98-99 orr. Giza arima, ideia nobleek bultzatuta, ezin krudelagoa izateraino hel daiteke. Gizakiak ongia edo gaizkia egin dezake. Gizaki izatez gaiztoak zenbaitetan ongia ere egin dezake, baina gizaki izatez onak gaizkia egin dezan gauza bat behar du, bakarra: Fedea. Ideologia. Fededun militantea altruista hutsa da. Eskuzabala. Interes handiagoa dauka besteen (herriaren, aberriaren) zorionean bere zorion propioan baino. Besteen arima salbatu nahi du. Besteak bekatutik urrundu, bekatuan gozo-gozo badaude ere. Okerrena da gaizto amorratua denak hiru-lau hildako eragin ditzakeela gehienez ere, baina militante zintzoak, soldadu esanekoak dozenaka, eta lasai arraio geratu. Ongia eta gaizkiaren kontu honek Adolf Eichmann-en kasua dakarkit gogora, nahiz eta, ziurrena, adibide oso egokia ez izan. Zer egingo diogu, ba. Batek uzten die bere gogoetei libre mugitzen, paperik eskatu gabe. Autozentsura eskasa, nonbait. Edo autokritika sobera. Auskalo. Baina goazen harira: Badakizue nor izan zen Adolf Eichmann ? SS-ko Teniente-koronel bat, gerra kriminala. Jerusalemen epaitu zuten 61ean. Eichmann ez zen, itxuraz, mamu hiltzaile bihotzgabe bat. Epaitu zutenean ez zuten halakorik ikusi beregan. Oso humanoa zen. Oso atsegina tratuan. Bere familia giroa, gainera, eredugarria zen. Oso pertsona kezkatua eta arduratsua bere lana ondo egiteko. Badakizue zein izan zen funtzionario, soldadu baten efikaziaz bete zuen lana? Judutarren kontzentrazio esparruetarako deportazioa ondo antolatzea. Izaera arrunta, normalekoa zen. Gaizkiaren banalidadea deitu izan dio bere kasuari batek baino gehiagok. Horixe zen Eichmann-en problema: bere normalidadea, bere gertutasuna. Normalidadea tratuan, familian, bizitzan.. Horixe da, bai, Eichmann bezalakoen problema, normalidadea. Borgesek badu El Aleph liburuan ipuin bat ideia honekin nahiko lotua.: "Deutsches Requiem". Bertan azaltzen da Otto Dietrich Von Linde delako bat. Otto halako batean atxilotzen dute, Tarnowitzen-go kontzentrazio esparrua zuzendu izanaren akusaziopean. Atxilotuak honela dio epaitzen ari direnean: "Ez dut zuen barkamenik nahi, nigan ez baitago errurik. Ulertua izatea besterik ez dut nahi". -Hotzak negok, Jon esan dio neskak. Elurra egiteari utzi dionetik, mutila hiru aldiz gelditu da horrela, sorgortuta, inguruko bazter zuriei begira. Astebete zeramaten lokatz izoztuaren gainetik aurrera egiten, botak apenas busti eta zikindu gabe. Orain, baina, elurraren etorrerak ekarri die, atzera berriz, behatz busti-hoztuen sentsazio mikatza. -Zer duk, Jon? Lautadan jada ez dira antzematen galsoroek bezpera arte erakusten zituzten berde argi-ilunak. Zuriak berdindu du paisaia, udan urreak berdindu ohi duen gisara. Eskua luzatu du txakurraren lepo ingurura. Dobermanak ez daude hotz horietara eginak, pentsatu du. Ondo-ondoan eraman du denbora guztian, isil-isilik eta burumakur. Lekutan geratu dira erbien atzetik lasterka egiten zuen sargoriko egun haiek. -Mapa behar duk, Jon? "Elurraren isila", Bizia lo , 129 orr. ZALANTZA AKUILU Idazleok zalantza eduki behar dugu akuilu eta gidari. Begibistakoa dena, denon ustea dena ezbaian jarri. Ume esku batek bezala ukitu behar dugu dena, eta ume-begiekin begiratu, denak berri antza har dezan. Idazteak beti transgresio bat dakar. Profanazio lan bat da. Eta mendeku ekintza bat, zergatik ez esan. Sufriarazi digun, angustia ekarri digunaren kontrako mendeku ekintza bat. Absolutuen atzetik tematu gara azken 30 urtetan, eta orain, periodikua zabalten ez badugu, ingurura begiratu eta gauzatxoak, gertakaritxoak besterik ez dugu ikusten: autobusa hartzera doan aguretxoa, semetxo bihurriari erritan egiten dion ama, ezinegonak hartuta azterketa egitera doan ikaslea... Bi mende, bi milenioren ondotik, eta hainbeste izu, sarraski, barbaridaderen ondotik, badirudi mundua, eta munduarekin batera gu, ideia absoluturik gabe bizitzen ikasten hasi garela. Zalantzaren etorrera ikusten ari gara. Hamlet moderno egin da azkenik, eta moderno izatearen angustiak bizi du, zalantzaren akuiluak. Edozein barbaridaderen kontrako antidotoa. Eta ez gaizki ulertu, mesedez. Kontua ez da nihilismoa aldarrikatzea, baizik eta dogmatismo ororen arbuiaketa, ideologiak dakarren sinplismoa eta ustezko seguridadea arbuiatzea. Ez naiz Robinson Crusoerekin ahaztu. Hitzaldiaren hasieran esan dizuet pasarte bat irakurriko nuela, zalantza hizpide hartzen nuenean. Eta zalantzaren apologia egiten ari naizenez, segidan doakizue, ezin egokiagoa iruditzen baitzait hitzaldi honen amaierarako. Geroaz ari da. Etor dakigukeenaz. Robinson Crusoek beste naufragio bat izan zuen denok ezagutzen duguna gertatu baino lehen. Imagina dezagun eszena: Beste marinel batzuekin batera doa Crusoe txalupa batean, barkua itsasoak irentsi ondoren. Itsasoa zakartua dago, eta olatuek gora eta behera erabiltzen dute txalupa txikia. Halako batean, urrutian, lur desiratua ikusi dute, eta haruntza bideratzen dute txalupa, ilusioak akuilatuta. Horrela dio Robinson Crusoek: Ez genekien nolakoa izango zen kostaldea. Denok espero genuen badia bat izatea sikiera, edo ibaia baten bokalea, txalupa olatuen eta ur bizien batere beldurrik gabe lehorreraino eraman ahal izateko. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Ez genuen horrelakorik ikusi. Aitzitik; kostaldera hurbiltzen ari ginen heinean, lehorrak itsasoak berak baino beldurgarriagoa eta mehatxagarriagoa ematen zuen. Eskerrik asko 2013/10/18 - 19:51:11