Solasturi

Solasturi artikuluen jarioa

Hiria, uria, edo zer arraio?

 2016/03/16 - 10:02:06

Larrungo kapilaua

Testu bilduma zoragarria jarri digute eskura armiarma.com webgunean, Klasikoen gordailua atalean. Hango Testu zaharrak sailetik, bat hartu dut, Berako idazkariak apaizari idatzia 1786an. Bilduma honetara, Imanol Trebiñoren Administrazio zibileko testu historikoak (HAEE-IVAP, 2001) lanetik bildua da testu hau. Argazkiaren beheko aldean, testu bera jarri dut gaurko ortografian, puntuaziozko aldaketa txiki batzuk besterik egin gabe (barkatu: kapilau jarri dut, eta ez kaperau, hala dakarrelako Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak). Argazkian, Larrun mendia eta Kaule Baita baserria, Berakoa. Berako idazkariaren komunikazioa Larrun mendiko kapilau postuaz Vera y mayo de 1786 Jaun Apeza. Errecivitu nuen pontutic, eguin nien presente zure orezco letra, erenegun eguina, gure Alcate et juratuei, ceinetan erraiten baituçu, causi ditezela capera ortan, hil onen 16n, eta uriya bada, 17 an zure capilantasunaren escritura eguitera, vada ortaracotz abisatuac direla Berce iru erriaq eta manatzen naute, zuri erraiteco, nola eztiren causitzen estatuban, capera orretara igaiteco, eta Badaquizula gure comunitateac ongui causitu duela zu capilan, izaitea, plazer duzun Demboraraino, eta presentian causitzen direla sentimendu Berean, eta concurrituco dugula, gure pagamendu partiarequin, orainderaino eguin darotzagun bezala, eta Baldin Plazer Badute, Urruñaco, Saraco, eta Azcaingo Jaunac, eguin zuri, escritura, ongui causituco duela gure comunitateac, eta eztugula oposaric deusetan ere eguinen, Bada Yaun-oriec eguiten duten gucia, artuco dugu on-zat, eta Yracurtzen diotezula letra unen contenimendua, guelditzen da, gure comunitatea, eta particularqui, zure, eta Jaun horien gucien zervitzari humila. Bera, 1786ko maiatza Jaun Apeza. Errezibitu nuen puntutik, egin nien presente zure ohorezko letra, herenegun egina, gure Alkate et juratuei, zeinetan erraiten baituzu, kausi daitezela kapera horretan, hil honen 16an, eta euria bada 17an, zure kapilantasunaren eskritura egitera, bada horretarakotz abisatuak direla bertze hiru herriak. Eta manatzen naute, zuri erraiteko, nola ez diren kausitzen estatuan, kapera horretara igaiteko, eta badakizula gure komunitateak ongi kausitu duela zu kapilan izaitea, plazer duzun denboraraino, eta presentean kausitzen direla sentimendu berean, eta konkurrituko dugula, gure pagamendu partearekin, orainderaino egin darotzagun bezala, eta baldin plazer badute Urruñako, Sarako eta Azkaingo jaunak egin zuri eskritura, ongi kausituko duela gure komunitateak, eta ez dugula oposarik deusetan ere eginen, bada jaun horiek egiten duten guzia, hartuko dugu ontzat. Eta irakurtzen diotezula letra honen kontenimendua, gelditzen da, gure komunitatea, eta partikularki, zure, eta jaun horien guzien zerbitzari umila. Oharra: Igorringo orrian atera nuen testu hau, 2005eko ekainaren 7an. Agur bero bat tarteka han ibiltzen zirenei: Gatzola, Firue, Txurdin, Nineu, Extari, Asier, Jozulin, Ramon... eta gainerakoak, beste inor baldin bazen!  2016/03/16 - 10:02:06

Estilo-ariketak

 2016/03/16 - 10:02:06

Eraikuntza berriko etxeak

 2016/03/16 - 10:02:06

Astea

 2016/03/16 - 10:02:06

Ke gabeko gunea

—Hemen, erre daite? —¿Qué?  2016/03/16 - 10:02:06

Zerupean eta zeropean

 2016/03/16 - 10:02:06

Euskaltzaindiaren 144. araua

 2016/03/16 - 10:02:06

Iruzkin zenbait, Hiztegi Batuko azken hitzei

 2016/03/16 - 10:02:06

Berdin dio

Iaz atera zen Agota Kristofen Berdin dio euskaraz (jatorrizkoa, C’est égal). Eskarne Mujika Gallastegik itzulia da eta Alberdaniak argitaratua, lehenago Koaderno handia eta Atzo bezala. Lagun batek opari egin berri dit (eskerrik asko, Jaione), eta berriz irakurtzen hasi naiz. Hona hemen ataltxo bat: liburuko 25 istorio laburretatik bigarrena. Ohartxo batzuk, liburuaren azaletik: "Estilo xumea eta eraginkorra da Kristof-ena. Ez du dotoreziarik bilatzen hitzetan, ez da farfailik batere haren esaldietan. Ez zaizkio deskripzioak gustatzen, mamiak axola dio. Elkarrizketak zuzenak dira, biziak. Esaldiak laburrak, lauak, biluziak. Erritmoa arintzen du horrela, eta oso erraz irakurtzen da. Ia konturatu gabe." Tren bat Ipar Alderako Eskultura bat parke batean, geltoki abandonatu baten ondoan. Eskulturak txakur bat eta gizon bat irudikatzen ditu. Txakurra zutik dago; gizona, belauniko, besoak txakurraren lepoaren inguruan dituela, burua apur bat makurturik. Txakurraren begiak geltokiaren ezkerretan infiniturantz hedatzen den zabalgunera begira daude; gizonaren begiak aurre aldean zuzen finkaturik daude; txakurraren bizkar gainetik, belarrak azpiratu dituen eta aspaldian bertatik trenik igarotzen ez den errail horiei begira daude. Biztanleek abandonatu egin dute herria, zeinak hornitzen baitzuen bazterreraturik geratu den geltokia. Oraindik badira natura eta bakardadea maite duten banaka batzuk, eta bertan ematen dute uda partea, baina automobila dute denek. Bada agure bat ere, parkean zehar hara-hona galduan ibiltzen dena, eta hark esaten du txakurraren irudia berak egin zuela eta, irudia besarkatzean —izugarri maitea baitzuen txakurra—, bera ere harri bihurtu zela. Galdetzen diogunean nola litekeen, orduan, bera hantxe egotea, bizirik, hezur eta mami, apal-apal erantzuten du Ipar Aldera doan hurrengo trenaren zain dagoela. Ez dugu adorerik hari esateko ez dela gehiago Ipar Alderako trenik izango, ez dela gehiago inorako trenik izango. Gurekin autoan joatea eskaini diogu, baina buruari eragiten dio: —Ez, autoan ez. Geltokian baititut zain. Geltokira eramatea eskaini diogu. Ipar Alderako edozein geltokitara. Buruari eragiten dio beste behin. —Ez, mila esker. Trena hartu behar dut. Gutunak idatzi ditut. Amari. Emazteari ere bai. Iluntzeko zortzietako trenean iritsiko naizela idatzi diet. Emaztea geltokian zain dut haurrekin. Ama ere zain dut. Aita hil zenetik, hari lur emateko zain dut ama. Lur ematerako joango nintzela agindu nion. Espero dut, baita ere, emaztea eta haurrak ikustea, zeinak nik, zera… abandonatu egin nituen. Abandonatu egin nituen, bai. Artista handi bihurtzeko. Landu dut pintura, landu dut eskultura. Orain, etxera itzuli nahi nuke. —Baina hori guztia, amari idatziriko gutuna, emazteari idatzirikoa, zure aitari lur ematea; alegia, hori guztia noizko kontua da? —Hori da, bada… alde egiten utzi nahi ez zidalako nire txakurra pozoitu nuen garaikoa. Berokira katigatzen zitzaidan, praketara; uluka aritu zen trenera igo nahi izan nuenean. Beraz, pozoitu egin nuen, eta eskultura azpian lur eman nion. —Eskultura hor zegoen orduan? —Ez, hurrengo egunean egin nuen. Hementxe egin nuen nire txakurraren irudia, haren hilobiaren gainean. Eta Ipar Alderako trena iritsi zenean, azken besarkada eman nion, eta… harri bihurtu nintzen, haren lepoari helduta. Hilik ere, ez zuen nahi nik alde egiterik. —Hala ere, hemen zaude, eta tren baten zain zaude.Agureak barre egiten du: —Ez naiz zuk uste bezain eroa. Ondo asko dakit ez naizela existitzen, harrizkoa naizela, nire txakurraren bizkar gainean makurturik nagoela. Badakit baita ere trenak ez direla ja igarotzen hemendik. Badakit baita ere aitari aspaldi lur eman ziotela; nire ama, aita bezala hilik, ez dudala zain inongo geltokitan, ez dudala inortxo ere zain. Emaztea beste batekin ezkondu zen; haurrak helduak dira orain. Ni zaharra naiz, jauna, oso zaharra, zuk uste baino askoz ere zaharragoa. Estatua bat naiz; ez dut alde egingo. Hau guztia nire txakurraren eta bion arteko joko bat baino ez da, urtetan jokatu dugun joko bat, hura ezagutu nuen unean bertan irabazi zidan jokoa hain zuzen.  2016/03/16 - 10:02:06

Nabigatu euskaraz